XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hamabi emakume ijito gazte Granadara abiatuko dira, kultura harreman bidaian

Zelan sortzen da Granadarako bidaia egiteko ideia?

Emakume ijitoek.- Hasiera baten, Sevillara joateko asmoa genduan, egun baten Langai-en apuntatzeko Bilbora trenez gindoazela oso triste ginan ezin gendualako bidairik egin. Marian Romerok, Osasun Patronatoko GHET -eko hezitzaileak, Granadarako aukera aipatu euskun eta bidai prestaketan hasi ginan.

Izan dozue antzeko esperientziarik?

Emakume ijitoek.- Ez, ez gara inoiz Bermeotik urten, bi gainera Otxarkoagako Iniciativa Gitana taldekoek esan dauskuenaren arabera. Bizkaian eta agian Euskal Herrian emakume ijitoek egiten daben antzeko lehen esperientzia da.

Bidaian burutuko dozuezan gauzen artean, ilusio gehien sortzen dautsuena?

Emakume ijitoek.- Ondo pasatzea eta jende barria ezagutzea batez ere. Honez gainera, emakume ijitoen Romi elkarteagaz batuko gara. Bidai honetan gauza askorako denbora izango dogu: azoka, erlijio kultorako egoitza, diskoteka etabar ikusiko doguz besteak beste.

Zer deritxozue Bermeon ijitoek bizi daben egoeraz?

Emakume ijitoek.- Gauzak betiko moduan dirala uste dogu. Familien artean apur bat aldatu dira, erlazio gehiago dago guraso eta gazteen artean baina ez asko gehiago. Herri mailan, arrazakeriak bardin jarraitzen dau: ijitoak alde batetik eta payoak bestetik. Ez guztiek baina payoen gehiengoak holan jarduten dau. Lana aurkitzeko arazo asko doguz. Kontserberetan gertatu jakuna kontatuko dogu: lan asko egola esan euskuen eta lan bila joan ginan, beste emakume batzuk aukeratu eta gu kanpoan itxi ginduezan. Pisuak alokatzeko ere antzeko problemak izaten doguz eta eskoletan mantentzea ere gatz izaten da.

Zergatik emakumeak eta gainera gehienak ezkongabeak, gizonezkoek ez dabe antzeko beharrizanik?

Marian Romero.- Agian emakumeak etsita ziralako. Gizonezkoak hobeto moldatzen dira bizitza aurkitzeko garaian. Euren artean beti batzen dira, agian horregatik izango da, gizonezkoak aitekaz elkartzen dira.

Instituzioen aldetiko dirulaguntzarik izango al da?

Marian Romero,- Bai, prestakizunetan hasi ginanetik, dirulaguntzak lortzen saiatu gara. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 400 mila pzta eskeiniko dauz. Osasun Patronatoari eskakizuna luzatu dautsagu eta erantzunaren zain gagoz. Emakume bakoitzak 5 mila pzta jarriko dauz. Batzuk epeka ordainduko dabe, diru asko suposatzen daualako.

Bidaiaren ostean elkarte barririk sortzeko asmorik?

Emakume ijitoek.- Bai, gauzak egiten jarraitu gura dogu, elkarte bat sortu daikegu bidaiaren ostean. Bidaiak gauzak aldatuko dauzalakoaren esperantza dogu.

Marian Romero.-Nagusienak langabeziagatik oso etsita ziran, jarrera hori apurtzeko asmoz egingo da bidaia.